domingo, 20 de diciembre de 2009

Venezia

Erle batek ziztatu izan balio; jaiki ote zitekeen hain azkar? Zer bururatu ote zitzaion, ba, hari bat-batean? Inoiz ez nukeen jakingo bere ihesaren arrazoia, baina nire bizitzako mutila basoan zehar murgildu zela banekien. Dena dela, bakarrik utzi ninduen zuhaitzen gerizpearen azpian egun eguzkitsu hartan, basoaren erdian.

Herrira itzultzea erabaki nuen, nire herri preziatura, Veneziara. Ordu pare bateko ibilbidea izan zen eta, bidean aurrera, urratu bat egin nuen praketan sasi batek heldu egin zidalako. Beraz, nire amamaren jostun-dendara abiatu nintzen.

Amamaren denda jendez gainezka zegoen, Veneziako inauteriak laster batean etorriko baitziren. Adabaki bat egitea eskatu nion amamari eta laster batean egin zidan. Prakak jantzi bezain pronto, amamari egindako lana eskertu eta etxera joan nintzen. Gondola bat hartu behar izan nuen, baina normala denez, ohituta nengoen. Etxe xume batean bizi nintzen, nire familia herriko txiroenetariko bat baitzen. Nire aita, nazkatuta zegoen bere lanaz, nagusiaz nazkatuta hain zuzen, oso txarto tratatzen baitzituen bere langileak soldata ezegokiak emanez. Ama langabezian zegoen eta gainera, zazpi anai-arreba nituen.

Nire logelara joan nintzen eta mutil harengan pentsatzen eman nuen arratsalde osoa. Luka zuen izena eta hile batzuk arinago ezagutu nuen. Erabat maitemindua nengoen beraz. Berarekin nengoenean, tximeletak sentitzen nituen sabelean.

Nire pentsamenduetan murgilduta nengoela, mugikorraren mezu hotsa entzun nuen. Lukarena zen, barkamena eskatzeko eta hurrengo astean San Markos katedralean elkartzeko esaten zidan. Oso pozik jarri nintzen momentu hartan eta irribarre alaia marraztu zitzaidan aurpegian.
Afaltzeko ordua heldu zen eta tortilla egin berriaren usain goxoak erakarri gintuen familiakoei. Sukaldean elkartu ginen guztiok aita izan ezik, lanean jardun behar baitzuen ordu txikiak arte. Jaten geunden bitartean, txirrinak jo zuen eta denak harritu egin ginen. Arraroa zirudien arren, aita zen eta lanetik zetorren. Amak zera esan zion:

-Zergatik zatoz hain goiz?

-Nire nagusi maiteak, kale gorrira bota nau!

Ama negar batean hasi zen. Nola ordainduko genituen handik aurrera janaria, argindarra, ura eta? Orain, gure familiako egoera inoiz baino txarragoa zen, horregatik lana bilatu beharra nuen.
Lukarekin geratuta nengoen eguna heldu zen eta esan bezala San Marcos katedralera joan nintzen. Izen bereko plazan dago Il Campanille erlojuaren ondoan.

Katedral zahar hartara sartu nintzen, eguzkiaren izpiak arrosetoietatik sartzen ziren urreztaturiko bobedan islatuz, lurreko harlauzak denborak eta urak janda zeuden urtero itsasoa handitzean kanal handiko ura bertara joaten baitzen otoitz egitera.

Katedraleko apaiz bat etorri zitzaidan eta ezer esan barik aitorlekura eraman ninduen. Eserlekuan jesarri eta gortinaren beste aldean, bereizten zaila zen aurpegia zegoen. Luka zela suposatzen nuen eta berarekin hitz egiten saiatu nintzen, baina alferrik, paper zati bat eman eta presaka ihes egin zuen, azkenengoan egin zuen legez. Paperean honakoa esaten zuen: barkatu baina ezin dugu berriro ere elkar ikusi. Jakin dut zure familia momentu txarra pasatzen ari dela horregatik, paperaren atzean itsatsita dagoen gutunean ahal izan dudan diru apurra utzi dizut. Zorte on!

Triste nengoen eta begiak malkotan nituen, etxera bueltatu nintzen. Heltzean, aitak inauterietako festa batean lan egitea familiarentzat komenigarria izango zela esan zidan, izan ere, gau batengatik 900€ ordaintzen zizkidaten. Jai hartan, aita lehen egondako enpresaburuak egongo ziren eta hainbat jende garrantzitsu eta aberats ere bai. Nik, edariak zerbitzatu behar nituen, besterik ez. Beraz, lan hura hartu nuen.

Bi aste igaro ziren eta inauteriak heldu ziren. Nire mozorroa eta maskara jarri eta festara joan nintzen. Bertan jendea, luxuzko mozorroekin zegoen jantzita eta maskarak liluragarriak ziren. Nire lana egiten hasi nintzen eta besteak baino altuera txikiagoko mutiko bat etorri zitzaion pontxe eske. Ahots hura ezaguna iruditzen zitzaidan.

-Luka! Zer egiten duzu hemen?

-Badakit hau lehenago esan behar nizula. Zure aitaren nagusiaren semea naiz. Ez dizut arinago esan haserretu egingo zinatekeelako.

Momentu hartan, korriketan hasi nintzen, ahal bezain beste. Luka nire atzetik etorri zen. Lasterketaren amaiera, ``El puente de los suspiros´´ izeneko zubi famatuan izan zen. Bertako ohitura musu bat ematea da. Betan, hau esan zidan Lukak:

-Lasai, badakit nire aitak egindakoa zure aitari. Baina ni ere nazkatuta nago hartaz. Beraz, nire arropak eta gauzarik preziatuenak hartuko ditut, hegazkin bat hartu eta…

Ez nion amaitzen utzi, isiltzeko keinua egin, aurpegira begiratu eta musu bat eman nion Ilargiaren begiradapean, kartzela baten alboan zegoen zubi magiko hartan, kanaletan zehar doan uraren doinuak inguraturik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario